XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erreportaia

Tolosaldeko uzta Durangon

Gure idazle eta musikagileek presentzia nabarmena izan dute azokan

Tolosaldeko idazle nahiz musikagileek presentzia nabarmena izan dute aurtengo Durangoko disko eta liburuen 30. azokan.

Liburuei dagokionez, Garbiñe Ubedak Negua Gorriak, Ideia Zabaldu Tour 95 plazaratu du, Luis Mari Mujika lizartzarrak Udarbe eta Urtuella lekuko, Iñaki Zubeldiak Maddiren oporrak ipuina, Joxean Ormazabalek Lazkao Txiki txiste eta gertaera liburua, Karlos Linazasorok Euriaren eskuak poesia lana, Luis Haranburu-Altuna alegiarrak Auskalo Luk nobela.

Maria Garikano tolosarrak, berriz, Patricia Highsmihen Ripleyren jokoa euskaratu du.

Diskoei dagokienean, aurreko alean aurkeztu genizuen Itsumutugor Deabruak Teilatuetan taldearen lehen lana ere majo saldu da Durangon.

Bistan denez uzta oparoa Tolosaldekoa.

Alabaina Durangokoa eskaparate polita izan arren, liburu nahiz disko hauek guztiak liburudendetan topatu ahal dira orain.

Alegia, ez egon datorren urteko azokaren zain zer edo zer erosteko.

Telebista piztu eta anuntzio guztiak eguberri hotsez datozkigula somatu ahal da beti garaiotan.

Gure kaleetako argiek, eskaparate apainduek, Gernikako arbolako jaiotzak.

Olentzeroren eta Errege Magoen arteko borrokak, angulen prezioak eta supermerkatuetako hiladak ere horixe bera salatzen digute.

Gainean ditugu afari itzel, parranda ikaragarri eta opariak egiteko egunak.

Gabonak.

Kulturari dagokionez, Durangoko Azokak egiten du egun hauen atarikoa.

Batzu-batzuk, gainera, erregaliak erosteko eta nork bere burua saritzeko aprobetxatzen dute agertoki polit hau.

Beste batzuek negozioa egiteko, bestetzuek lagunak agurtzeko eta urtean behin liburuetara hurbiltzen den zenbaitek zor moralen bat kitatzeko.

Sarasua anaiek dioten bezala Kilometroak-en bertsio kultua baita Durangokoa.

Espezieak espezie, eskaparate polita da Durangoko azoka, ezin ukatu.

Hogeita hamargarren edizioak, gainera, 250 nobedade erakutsi dizkigu eta horien artean baziren batzuk Tolosaldeko firmarekin, labelarekin esatea askotxo izango da bost liburu eta disko bat hain zuzen.

Ezagunak egingo zaizkizue batzuk seguru asko; beste zenbait berriz isilago pasatu direlako-edo, lerrootan ezagutzeko aukera izango dugu.

Udarbe eta Urtuella lekuko

Luis Mari Mujika

Idazle lizartzarrak hainbat ipuin eta poesia liburu idatzi ondoren iaz ekin zion eleberrigintzari beste lanetatik piska bat deskantsatzeko.

Jo eta su ekin ere, bi urtean bi eleberri plazaratu baititu, Loitzu herrian uda-partean lehengo urtean eta Udarbe eta Urtuella lekuko aurten.

Trilogia osatuko duen hirugarrena ere jada idatzia omen dauka gainera.

Oraingoan, ordea, aurten Rampamp;B argitaletxearen eskutik plazaratu duen Udarbe eta Urtuella lekuko aurkeztuko digu Luis Mari Mujikak berak.

TOLOSALDEKO PRODUKZIOA DURANGOKO AZOKAN

Egilea; Izenburua; Argitaletxea

Garbiñe Ubeda; Negu Gorriak. Ideia Zabaldu Tour 95; Susa

Joxean Ormazabal; Lazkao Txiki; Elkar

Karlos Linazasoro; Euriaren eskuak; Alberdania

Luis Haranburu-Altuna; Auskalo Luk; Elkar

Mari Garikano; Ripleyren jokoa; Igela

Iñaki Zubeldia; Maddiren oporrak; Elkar

Deabruak Teilatuetan; Itsumutugor; Esan Ozenki

Joan den mende amaieran eta honen hasieran, gutxi gora-behera 1895tik 1903ra, girotzen da kontakizuna.

Udarbe Bizkaiko herri fiktizioa da eta Urtuella, berriz, meatzaldeko herria.

Garai eta lekuotan, nazionalismoaren eta PSOEren arteko hasierako gatazkak sortzen dira, etorkinak direla eta.

Udarbe inguru erruraleko herrixka da eta Urtuella, noski, etorkinez betetako erdal ingurua.

Beraz bi unibertso zeharo ezberdinetan girotzen da liburua, meatzaldean batetik, non egoera soziala ikaragarri gaiztoa den Euskal Herrira zetozen etorkinentzat, eta, bestetik Udarben, jauntxokeria nagusi den herrixkan.

Egoera horretan pertsonaia bat eta bakoitza giro, pentsamolde, langaren alde bat edo besteko ordezkari da eta pertsonaia horien bidez, gatazka politikoak bezala gatazka sozialak ere erakutsi nahi izan ditu Mujikak.

Alde honetatik nobelak badu bere mezua: Erakutsi nahi izan dut, batetik, hasierako abertzaletasun intransigentearen eragina, eta beste aldetik sozialismo arrotzaren nagusiek euskal kulturaren aurka erakutsi zuten jarrera.

Hau da, bi zapalkuntza klase salatu nahi izan ditut.

Idazleak jakinarazi digunez, hasiera batean istorioa lineala zen, baina gero iruditu zitzaidan bi unibertsoak tartekatzea modernoagoa zela, eta modu horretan, diakronia apurtuz Udarbetik Urtuellara eta Urtuellatik Udarbera doa liburua.

Auskalo Luk

Luis Haranburu-Altuna

Luis Haranburu-Altuna alegiarrak, berriz, Auskalo Luk eleberria kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik.

Rampamp;B-ko editoreak nahiago izan du Elkarren argitaratu norbere etxean baino, lotsagatik batez ere, uste baitut distantzia gehiago dagoela egiten duzun produkzioaren eta argitaratutakoaren artean.

Itsasoak ez du esperantzarik eta Karitate liburuen egileak etenaldi luze samar baten ondoren, idazteari ekin dio atzera: nobelatxo bat egiteko gogoa nuen, eta egin dut, besterik gabe, halaxe diosku Haranburu-Altunak.

Liburu honetan anti-heroi baten historia kontatzen du, nahikoa ustela bera.

Geure gizartea heroiez beteta dago: kiroletako heroiak, politikakoak, literaturakoak... bada, nik ez, nik kontrakoa egin nahi izan dut.

Beti gustatu izan zaizkit anti-heroiak, gaizki bukatzen diren istorioak....

Kontakizuna lehen pertsonan idatzia dago, eta funtsean aita eta seme baten arteko harremanak jasotzen dira bertan.

Modu horretan, pertsona berberei buruz bi ikuspegi zeharo diferenteak ikusten dira, aitarena eta semearena.